Santurtziko Film Laburren jaialdiak 35 lan programatuko ditu, film labur, dokumental eta film luzeen artean, irailaren 28tik urriaren 20ra bitartean. Azken eguneko gauean Itxiera Gala burutuko da Serantes Kultur Aretoan.
“Jaialdiak, urtero bezala, herriko kultura eta gizartea sustatu nahi ditu, ostalaritza, merkataritza eta zinea Santurtzin dagoeneko klasikoak diren ekimenekin batera uztartuz” adierazi digu Iñigo Cobok, Santurzineko zuzendariak, VI. edizioaren aurkezpenean.
Guztira, 14 film labur lehiatuko dira SANTURTZI ATALEAN eta hamar ESTATU MAILAKOAN. “Emanaldi bakoitza oso desberdina izango da, estilo ugariko film laburrak daudelako eta, lehenengo aldiz, emanaldi bakoitza bereiziko duen zigilua izango delako, adibidez, zuzeneko musika” esan digu Cobok. Aukeratu diren Estatu mailako lanen artean Javier Fesserren azken film laburra dago; zuzendari horren “Campeones” filmak ordezkatuko du Espainia OSCAR sarietan. Bestetik, zine eta telebistako aurpegi ezagunak ere izango ditugu film laburretan, besteak beste, Fernando Albizu, Melani Olivares, Adam Jezierski eta Carlos Chamarro.
IBILTARIAK atalean, aurten, armen salerosketa eta berorren ondorioak aztertuko dituzte AMNESTY INTERNATIONAL erakundearekin batera. Jasotako lanen artean Argentina, Txekiar Errepublika, Espainia, Frantzia, Egipto, Siria, Alemania, Hungria, Ukrania, Irak eta Irlandakoak daude. Calasanz, Kantauri eta Carmelitas zentroetako ikasleek Ibiltariak ataleko irabazlea aukeratuko dute. Halaber, Santurzine XS-k berriz ere utziko die kamera lehen hezkuntzako ikasleei zinearen bidez hausnarketa egin dezaten.
EUSKAL PANTAILAK atalean, euskal zineman azken bi urteetan egin diren sei lan emango dituzte, besteak beste Jon Garaño eta Aitor Arregiren “Handia” eta Unax Blancoren “Zuk”. Bi film hauen aurkezpenak mahai inguruetan egingo dira beren ordezkarien eskutik.
Aurtengo berrikuntzen artean, arte-adierazpena eta ikus-entzunezkoa landuz, etxerik gabeko pertsonak gizarteratzeko helburua duen Manchesterreko Homeless Film Festivalarekin senidetuko da. Duela hiru urte, BIZITEGI elkarteak ekarri zuen film jaialdi hori Bilbora eta orain Santurzinek haiekin egingo du bat, hurrengo hilabetean Bizkaia Aretoan izango duten hurrengo edizioari begira.
Gainera, urriaren 11n, SECRET PARTYa izango dugu, zeinetan bertaratzen direnek emanaldi “klandestinoa” ikusteko aukera izango duten oso leku bitxian, eta ez ditu hotz utziko; beste arduera batzuen artean, Maisu jatetxean pintxo pote itsua arrakastatsua errepikatzeaz gain, “Ibiltariak” instalazio artistikoa izango da Gernika parkean eta jai bat SANTURTZIKO MERKATARI BATUAK elkartearekin lankidetzan. Jaialdia ofizialki irailaren 28an hasiko bada ere, hurrengo egunean, hilak 29, hasiera jaia ospatuko da Euskal Herria itsasontzian. Itsasaldirako sarrerak salgai daude Dixon’s tabernan (Itsasalde 17, Santurtzi) 15 eurotan.